Mostrando entradas con la etiqueta txanela. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta txanela. Mostrar todas las entradas

lunes, 3 de mayo de 2010

Txanela proiektua gure Lehen Hezkuntzan

Autorea: Jakintza Ikastola - 2009ko Urriaren 9a

Ikastolen Elkarteak diseinatu eta garatutako Txanela Proiektua abian jarri zenetik, gure ikastola buru-belarri murgildu da proiektu horren lanketan. Proiektu guztiekin gertatzen den bezala, urteak aurrera joan ahala, proiektuaren dohainek eta ahuleziek garbi adierazten dute zeintzuk diren egin beharreko egokitzapenak eta horretan dago gure LHko irakasleria. Alde batetik, mota askotako formazio jasotzen eta, bestetik, ekimen eta proiektu ezberdinekin uztarketa eta egokitzapen prozesuak diseinatzen.

Ekintzailetza, eskola inklusiboa, IKT-ak, bizikidetza...ez dira kontzeptu berriak gure geletan, baina gure ikastolako irakasleak egiten ari diren ahaleginei esker, Txanela proiektua jorratzerakoan, metodologian aldaketak ematen ari dira alderdi horiek guztiak modu kontziente eta eraginkorrean lantzeko. Gainera, Euskal Curriculumak sustatu nahi dituen konpetentziak eta ikuspegi berritzailea txertatzeko egundoko ahalegina egiten ari dira. Beraz, aldaketa ugari gure geletan ematen eta emango direnak epe motzean. Gure etapa honetan zertan ari garen hobeto ulertzeko, azken egun hauetan etapako ikasle eta irakasleek argitaratutako bideo eta argazkiak jartzen dizkizuegu.

BIDEOA: LHkoak LANEKO EGUN ARRUNT BATEAN


jueves, 29 de abril de 2010

Amesten duzun guztia

Bideo honetan, Jakintza Ikastolan Txanela proiektua ezarri ondoren, hainbat ikasgaietan eta maila ezberdinetan nola landu egiten duten ikus dezakegu. Bideoaren hasieran, Txanelako maskota ikus dezakegu.

sábado, 24 de abril de 2010

Elkartasun-jolasak Txanela proiektuan

Jolasa gizakiaren garapenerako ezinbesteko bizi-ekintza da. Haurren ekintza ludikoetan hainbat prozesu sozial, emozional eta kognitibo aktibatzen dira, ta prozesu horiek zuzenki erlazionaturik daude haurraren garapen globala eta integralarekin.

TXANELA proiektuaren helburu nagusia ikaslearen garapen integrala (garapen motorea, kognitiboa, komunikatiboa, afektiboa eta gizarteratzekoa) izanik, garrantzi berezia eman nahi izan diogu hezkuntza kooperatiboari, eta proiektuaren garapenean zehar irizpide hori indartzeko hainbat eta hainbat eratako proposamenak txertatu ditugu. Proposamen horien artean kokatzen ditugu elkartasun-jolasak.

Maite Garaigordobil irakasleak Juego cooperatibo y socialización en el aula. Un programa de juego amistoso, de ayuda y cooperación, para el desarrollo socio-afectivo en niños de 10 a 12 años (Seco olea ediciones S.L.) liburuan proposatzen dituen jolasak aztertu ditugu, eta aipatu programa txartatu dugu, gaien sekuentziari egokituz.

Honako hau da programaren xedea:

- Haurren garapen integrala eta, bereziki, dimentsio sozio-afektiboa potentziatzea; normaltasunez aurreratzen duten ikasleena, zein garapenean zailtasunak dituztenena (ikasketetarako heldutasun falta, auto-kontzeptu urria...) eta beren kideekiko harremanetan arazoak dituztenena (lotsatiak, oldarkorrak, lagunek baztertuak...).

Taldean elkarreragin kooperatiboa bultzatuz, haurren jarrera gizatiarra, garapen emozionala eta sormena sustatuz, beste kideekin batera lan egitea helburu bakar eta bera lortzeko, eta, indibidualismoan eta lehiakortasunean oinarritutako hezkuntza-eredua saihestuz.

Elkartasun jolasen helburuak
  • Ikasleen arteko ezagutza handitzea, taldekide guztien auto-baieztapena estimulatuz.

  • Elkarreragin sozial baikorra, adiskidetsua, eraikitzailea...handitzea, taldeko kide izatearen sentimendua estimulatzea.

  • Sozializazioa hobetzeko jokabide egokien garapena handitzea, ekimena, laguntasuna, arau sozialekiko errespetua...jokabide oldarkorra, lotsatia, edo apatiazkoa gutxituz.

  • Talde barruan hitzen bidezko zein hitzik gabeko komunikazioa hobetzeaz gain, entzumen aktiboa ere hobetzea.

  • Taldekoen arteko laguntza-harremanak hobetzea, taldean kooperatzeko gaitasun hobetzea, jokabide pro-soziala hobetzea, alegia.

  • Taldekideen adierazpen integrala sustatzea eta bultzatzea (sentimenduak, emozioak, pentsamenduak, desioak, beldurrak...)

  • Auto-irudia eta auto-kontzeptuaren hobekuntza erraztea.

Elkartasun jolasen ezaugarriak

Bost osagaitan bil daitezke jolas hauen ezaugarriak:

  • Parte-hartzea. Denek hartzen dute parte momentu oro, eta ez dago ez eliminaturik ezta galtzailerik ere. Eliminaziorik ez dagoenez, hain abilak ez diren ikasleek aukera dute euren trebeziak hobetzeko eta esperientzia handitzeko.
  • Onarpena. Ikasle bakoitzak, jokatzen duenean, esanahiaz beteriko rola izango du, onartuko duen rola eta besteek ere onartu beharko dutena. Jokalariek elementuen kontra jokatzen dute, ez kideen kontra. Kidea kooperazio-lagun bezala ikusten dute eta, modu horretan, huts egiteari beldurra kenduko diote eta porrotaren ideia uxatu, helburua ez baita irabaztea.
  • Kooperazioa. Ikasleek elkarri lagunduko diote momentu oro, talde bezala jolasaren helburua betetzeko asmoz, euren esfortsua batuz eta trebezia ezberdinak konbinatuz, helburu komun bat lortzeko.
  • Fikzioa. Beti jolasten baitugu errealitateko zerbait bagina bezala "... izatera" edo "... izango bagina bezala".
  • Dibertsioa. Era adiskidetsuan eta eraikitzailean, elkarreraginean, ikasleen dibertsioa ziurtatuta dagoelako.

lunes, 19 de abril de 2010

Txanela proiektuaren logotipoa


Elkarrekin bizitzen ikasi Txanela proiektuan

Elkarrekin bizitzen ikastea ezinbesteko osagaia da Txanela proiektuko proposamenetan; ezin da Txanela proiektua ulertu elkarrekin bizitzeko konpetentziak kontutan izan gabe.

Txanela proiektuan edozein edukiren aprendizaiaren paradigma eraikitzailearen aldeko hautu metodologiakoa egin da eta, ondorioz, proposamen guztien ardatz nagusienetakoa, elkarreraginean garatutako aprendizaiaren eraikuntza da. Elkarreragin horretan hainbat konpetentzia landuko dira etengabe eta, gainera, elkarreragin hori behar bezala bideratuko dituzten taldekatzeetan sortuko diren dinamiken kontzientzia eta erregulazioa osagai nagusi bihurtzen dira.

Paradigma eraikitzailearen beste ardatz nagusietako bat estrategia guztiak (kognitiboak, komunikatiboak, ekimenari dagozkionak, emozionala eta elkarbizitzari dagozkionak) konpartitzean datza. Estrategiak elkarri komunikatuz eta elkarrekin garatuz ikasteaz ari gara, eta alderdi hori ere konstantea da Txanela proiektuan.

Horretaz gain, unitate didaktiko guztien garapenean, etengabe bultzatuko da elkarbizitzari dagozkion konpetentzien (pertsonen arteko harremanak, parte-hartze demokratikoa, elkarlana eta talde-lana, gatazken konponbidea eta aniztasuna) eta eszenatokian (jolastokia, ikastola, gela, kalea, familia, auzoa, herria...) inguruko hausnarketa eta eztabaida. Aldi berean, elkarlanean eta talde-lanak proposatzerakoan, erabakiak era egokian hartzeko egoerak eta prozedurak aurkezten zaizkio ikasleari Txanelan, baita arazoak estrategikoki eta demokratikoki ebazteko ere. Bestalde, urtez urte eta unitatez unitate hainbat elkartasun-jolak txertatu dira; horietaz gain, gaien sekuentzietan nahiz tutoretzan lantzeko aproposak izan daitezkeen hainbat proposamen egiten dira, zenbaitetan komikietako pertsonaiek islatzen duten aniztasuna eta bizipenak baliatuz.

Elkarbizitzak eta elkarrekin bizitzen ikasteak, beraz, Txanela proiektuko proposamen didaktiko guztiak bustitzen ditu.

jueves, 15 de abril de 2010

Txanela proiektua

Bideo hau aukeratu dut, Goierriko eskolan txanela proiektua nola funtzionatzen den ikusteko. Bideo honen bidez, proiektu honen barnean dauden ekintzak ikus ditzakezue.Oso interesgarria da!

viernes, 9 de abril de 2010

Txanela proiektua

Artikulu honetan, 5.mailako ikasleek bere esperientzia IKT Txanela proiektuarekin azaltzen digute. Adibidez, lehen paperez egin behar zuten gauzak, orain ordenagailuaren bitartez lan egin behar dute eta honek aukera gehiago ematen die bideoak ikusteko, sortzeko...
Aldaketa guztiak artikuluan aurki ditzakegu.

Ikt Txanela proiektua, Jaso Ikastolan martxari buruzko artikulua

miércoles, 7 de abril de 2010

Zer da Txanela?

Txanela proeiktua derrigorrezko Lehen Hezkuntzako ikasmateriala da. Haur Hezkuntzan Urtxintxa proiektuarekin hasitako ibilbidearen jarraipen modura aurkezten den proiektu honek, bi etapen arteko zubi lana batetik eta Lehen Hezkuntzako oinarriak finkatzen laguntzearena bestetik ditu helburu. Lehen Hezkuntza etapa zabala den heinean (6-12urte), eta ziklo bakoitzak bere zeregina duenez hezkuntza prozesuan, hauen arteko eta beste etapekiko loturak zainduaz curriculum eskaintza koherente , bateratu eta egokia eskaintzeko asmotan sortua.

Lehen Hezkuntzako proiektuak, TXANELA proiektuak alegia, Haur Hezkuntzako URTXINTXA proiektuak biltzen dituen hainbat ezaugarri gordeaz, haurren garapena sustatzeko elementu berriak ere eskaintzen ditu.

TXANELA proiektuak, besteak beste, honako ezaugarriak lituzke:

Ezaugarri nagusiak

Haurra bere osotasunean hartzen duen proiektua
  • Gaitasunen garapenean oinarrituta.
  • Ikaskuntza esanguratsua eskaintzen duena eta ikasle aktiboaren bila dabilena.
  • Haurraren etengabeko motibazioa bultzatzen duena.
  • Aniztasuna errespetatzen duena.
  • Balioen eta jarreren hezkuntzarekin konprometitua.

Euskal Herri osorako egina

  • Herrialde guztietako erreferentziak jasotzen dituena.
  • Jatorriz euskaldun nahiz erdaldun diren haurrak euskaraz eta curriculum bateratuan hezteko proposamena.
  • Curriculumaren euskal dimentsioari garrantzia ematen diana.
  • Euskalduntasunetik abiatuz, kultura unibertsalerako bidea egiten duena.

Diseinu bateratu eta eraginkorra

  • Derrigorrezko Hezkuntzarako curriculum deskribapen bateratua.
  • Hezkuntza asmoak argi eta zuzen azaltzen dituena.
  • Irakasleen berrikuntzaren eta trebakuntzaren bultzatzailea.
  • Edukiak lantzeko era askotako euskarriak integratzen dituen proiektua.

Zehar lerroak

  • Sexu-berdintasunerako hezkuntza eta hezkidetza.
  • Giza eskubideak, harremanak eta Bake Hezkuntza.
  • Osasun Hezkuntza.
  • Kontsumorako Hezkuntza.
  • Gizarte-komunikabide Hezkuntza.
  • Bide-Hezkuntza.
Irizpide metodologikoak
  • Globalizazioa.
  • Ikuspegi eraikitzailea.
  • Ikaslearen kudeaketarako taldekatzeari eta elkarrekintzari buruzko deskribapenekin.
  • Denboraren, espazioaren eta baliabideen ustiaketarako orientabideekin.
  • Gurasoekiko harremanak bideratzeko proposamenekin.