TXANELA proiektuaren helburu nagusia ikaslearen garapen integrala (garapen motorea, kognitiboa, komunikatiboa, afektiboa eta gizarteratzekoa) izanik, garrantzi berezia eman nahi izan diogu hezkuntza kooperatiboari, eta proiektuaren garapenean zehar irizpide hori indartzeko hainbat eta hainbat eratako proposamenak txertatu ditugu. Proposamen horien artean kokatzen ditugu elkartasun-jolasak.
Maite Garaigordobil irakasleak Juego cooperatibo y socialización en el aula. Un programa de juego amistoso, de ayuda y cooperación, para el desarrollo socio-afectivo en niños de 10 a 12 años (Seco olea ediciones S.L.) liburuan proposatzen dituen jolasak aztertu ditugu, eta aipatu programa txartatu dugu, gaien sekuentziari egokituz.
Honako hau da programaren xedea:
- Haurren garapen integrala eta, bereziki, dimentsio sozio-afektiboa potentziatzea; normaltasunez aurreratzen duten ikasleena, zein garapenean zailtasunak dituztenena (ikasketetarako heldutasun falta, auto-kontzeptu urria...) eta beren kideekiko harremanetan arazoak dituztenena (lotsatiak, oldarkorrak, lagunek baztertuak...).
Taldean elkarreragin kooperatiboa bultzatuz, haurren jarrera gizatiarra, garapen emozionala eta sormena sustatuz, beste kideekin batera lan egitea helburu bakar eta bera lortzeko, eta, indibidualismoan eta lehiakortasunean oinarritutako hezkuntza-eredua saihestuz.
Elkartasun jolasen helburuak
- Ikasleen arteko ezagutza handitzea, taldekide guztien auto-baieztapena estimulatuz.
- Elkarreragin sozial baikorra, adiskidetsua, eraikitzailea...handitzea, taldeko kide izatearen sentimendua estimulatzea.
- Sozializazioa hobetzeko jokabide egokien garapena handitzea, ekimena, laguntasuna, arau sozialekiko errespetua...jokabide oldarkorra, lotsatia, edo apatiazkoa gutxituz.
- Talde barruan hitzen bidezko zein hitzik gabeko komunikazioa hobetzeaz gain, entzumen aktiboa ere hobetzea.
- Taldekoen arteko laguntza-harremanak hobetzea, taldean kooperatzeko gaitasun hobetzea, jokabide pro-soziala hobetzea, alegia.
- Taldekideen adierazpen integrala sustatzea eta bultzatzea (sentimenduak, emozioak, pentsamenduak, desioak, beldurrak...)
- Auto-irudia eta auto-kontzeptuaren hobekuntza erraztea.
Elkartasun jolasen ezaugarriak
Bost osagaitan bil daitezke jolas hauen ezaugarriak:
- Parte-hartzea. Denek hartzen dute parte momentu oro, eta ez dago ez eliminaturik ezta galtzailerik ere. Eliminaziorik ez dagoenez, hain abilak ez diren ikasleek aukera dute euren trebeziak hobetzeko eta esperientzia handitzeko.
- Onarpena. Ikasle bakoitzak, jokatzen duenean, esanahiaz beteriko rola izango du, onartuko duen rola eta besteek ere onartu beharko dutena. Jokalariek elementuen kontra jokatzen dute, ez kideen kontra. Kidea kooperazio-lagun bezala ikusten dute eta, modu horretan, huts egiteari beldurra kenduko diote eta porrotaren ideia uxatu, helburua ez baita irabaztea.
- Kooperazioa. Ikasleek elkarri lagunduko diote momentu oro, talde bezala jolasaren helburua betetzeko asmoz, euren esfortsua batuz eta trebezia ezberdinak konbinatuz, helburu komun bat lortzeko.
- Fikzioa. Beti jolasten baitugu errealitateko zerbait bagina bezala "... izatera" edo "... izango bagina bezala".
- Dibertsioa. Era adiskidetsuan eta eraikitzailean, elkarreraginean, ikasleen dibertsioa ziurtatuta dagoelako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario